Armarriko koroa
Saltar navegación

Arantzako  Udala

2012ko maiatzaren 19a

JAIAK ETA OHITURAK

Inauteriak

IñauteriakBi aste lehenago izan ohi dira. Garai batean, mendi mutilak lanik gabe izaten zirela, udako festek baino ospe gehiago zuten. Bi pertsonaia talde izaten dira: "mozorro zuriak" eta "mozorro beltzak". Hiru egun irauten dute. Ostegunean, trikitilari eta pandero-joleekin, baserriz baserri eskean ibiltzen dira mozorro zuriak (gazteen janzkera ostegunean honako hau da: ator kuadradunak, galtza urdiñak, koloreetako lepo-zapiak eta horietatik zintzilik eslokako ikasleek prestatutako kolorezko eta paperezko zintak. Ostirala eta larunbatean zuriz janzten dira koloreetako lepo-zapiekin). Ostiralean eskea herrian egiten da eta gauean dantzaldia. Larunbata arratsaldean haurren mozorroekin kalejira herrian, ilunabarrean ikuskizuna eta gauean dantzaldia. Gauean mozorro beltzak kanpora ateratzen dira aurpegia estalita: pertsonai ilun eta beldugarriaz mozorrotu ohi da gazte talde bat kalean dagoen jendea, eta batez ere haurrak, beldurtzeko asmoz.

Arantzako mendi itzulia

Arantzako Mendi ItzuliaWeb orria: www.menditzulia.com

Bi urtetik antolatzen du Ekaitza Elkarteak eta hurrengoa 2010eko maiatzaren 23an izanen da. Ibilbidean herriko mendietako tontorrak zeharkatzen dira: Unanu (659 metro), Itsaszelaia (517), Izu (828), Oilargata (660), Ibintza (1.037), Ekaitza (1.040), Illurdi (1.085), Mendaur (1.136, aukerakoa), Mairubaratzeta (750) eta Zepuru (715). Ibilbidearen distantzia 30-32 kilometrokoa da eta 1.550 metroko desnibela du. Irteera eta helmuga herriko plazan da, bidea ongi seinalizatzen da eta ibilbidean hornidura eta osasun zerbitzuak eskaintzeko postuak paratzen dira. Partaidetza honako hau izan da: 2003an 232 pertsona, 2004an 364, 2006an 418 eta 2008an 502 pertsona. Mendi itzulia egiten ez den urtean Ekaitza Elkarteak Goizuetara mendi ibilaldia antolatzen du. Herriko Plazatik atera eta, Goizuetan bazkaldu ondoren, Arantzara autobusez itzultzen da.

Trinitatea

Trinitate EgunaErromeria Trinitate ermitara, Iturengo herrian, Trinitate egunean. Ermita Mendaur mendiaren gailurrean dago (1.131 metrotara) eta bertatik Bidasoa eskualdea eta inguruak ikusten dira.

Festa hau inguruko herriekin konpartitzen da (Ituren, Sumbilla, Arantza, etc) eta aranztar aunitz oinez joaten dira menditik. Ohiturari jarraituz, batzuek ermitari hiru buelta ematen diote eta desioa eskatu.

Eguerdian jendea urtegira jeisten da lagun artean bazkaltzeko eta arratsaldean trikitilariekin dantzatzeko. Aranztarrek Senberroko Bordan (Arantza) izaten dute bazkaria.

Besta Berri

Korpus eguneko meza ondoren prozesioa egiten da. Karrikak apaintzen dira eta prozesioaren ibilbidean maindire bat zabaltzen da bidearen erditik , eta honen bazterretan iratzea zabaltzen da. Udalbatza banderarekin ateratzen da, baita txistulariak eta elizako abesbatza ere. Herriko bandera dantzatzen da egun horretan.

San Juan

San Juan Xar-eko erromeriaSan Juan Xar erromeriak (ekainak 24), meza eta iturriaren erritoak, inguru eta urrutiko hainbat jende erakartzen du. Igantziko udalerrian dago eta Arantza udalerriarekin mugatzen du. Herri sinismenaren arabera San Juan iturriaren hiru ahoetatik edan behar dugu ura, eta uretan bustitako zapi batez kaltetutako gorputz-zati igurtzi, gero zapia ondoko harkaitzetan utziko dugu. Hala sendatuko dira gure digestio-arazoak eta azaleko gaitzak. Azkenean, kandela piztu beharko diogu santuari (iturriaren gaineko haitzuloan dagoen artzain baten irudia).

San Juan egunean eta hurrengo lau igandeetan Igantziko meza bertan egiten da.

Herriko Bestak

Herriko Bestak
Abuztuaren 15ean egiten dira, Amabirjinaren omenez.

Honako ekitaldiak izaten dira: musika, dantzak, meza eta prozesioa, herri kirolak, etc.

Besten ondoren herriko gazteek rock kontzertua antolatzen dute.

2010eko bestetako egitaraua
 

Artikutzako erromeria

Abuztuaren 28an, San Agustin egunean, ospatzen da eta leku guztietako milaka pertsona biltzen dira egun-pasa egiteko. Arantzatik batzuk oinez joaten dira eta bertze batzuk kotxez Oiartzundik (Gipuzkoa). Eguneko ekintzak hauexek dira: meza, pilota partiduak, bertsolariak, herri kirolak eta musika. Aztikutza Nafarroan dago, Goizuetako lurretan, Oiartzunen ondoan, baina Donostiako Udalaren menpe. Donostiak 1919. urtean eskuratu zuen, hiriari ura eramateko. Gaur egun parke naturala da eta ibilgailuei itxia egoten da urte guzian, abuztuaren 28an izan ezik. Lehen, ordea, Artikutza elizarena zen, Orreagako Kolegiatarena. Burdinolako langileak bizi ziren, errentan, eta San Agustin egunean ordaindu behar izaten zuten. Langileek elkarrekin egoteko aukera bakarra zuten. Ohitura, urteak pasatu diren arren, oraindik ez da galdu. Artikutzak klima berezia du eta hango hezetasun maila oso handia da, penintsula osoko lekurik euritsuena baita. Honen adierazle dira zuhaitzen enborrak, goroldio geruza lodiz estalirik egoten baitira. Egun sei milioi zuhaitz inguru daude Artikutzan eta garai gateko basoetako erlikiak aurki daitezke. Ekosistema nagusia pagadia da, baina haritzak eta haltzadiak ere badaude. Gainerakoa koniferoek eta larreak hartzen dute.

Baserritarren Eguna

Baserritarren EgunaAzaroaren 1ean ospatzen da. Azkenekoa 13. edizioa izan da.

Pilotalekuan herriko produktu eta eskulanen erakusketa eta salmenta izaten da eta plazan, berriz, azienden erakusketa. Era berean, gazta lehiaketa egiten da eta bertako produktuekin osatutako zare bat zozketatzen da.

Bertzalde, egun hori aprobetxatuz, kultur ekitaldiak antolatzen dira astean zehar.

Eguberriak

Olentzeroaren EgunaAbenduaren 24an Olentzero menditik jaisten da eta herrian barna kalejira egiten da. Herritarrak (haurrak eta helduak) baserritarrez janzten dira eta eguberrietako kantak abesten dituzte. Goizean, Herriko Plazan, haurrendako jokoak eta Olentzeroari kantak eta arratsaldean, kalejiraren ondoren, haurrendako berendua. Urtarrilaren 5ean Errege Magoen Kabalgata egiten da eta ondoren, elizan, haurrei opariak banatzen zaie.