Armarriko koroa
Saltar navegación

Arantzako  Udala

2012ko otsailaren 8a

HISTORIA

Historia

Arantza XX. mendearen hasieranArantzan gizakiaren lehenbiziko aztarnak orain dela 4.000 urte ingurukoak dira. Hasieran ehiztari eta fruitu biltzaileak ziren gizaki horiek animaliak etxekotzen hasi ziren, ardi eta ahuntz taldeak osatzen. Haien bizilekuen arrastorik ez dugu, bai ordea, heriotz eta lurperatze erritoen aztarnak: trikuharriak, harlauzez osaturiko hilobiak, hildakoaren gorpu osoa lurperatzeko tokiak; eta harrespilak, zutarri txikiez osaturiko zirkuluak, erdian hildakoaren errautsak ontzi batean lurperatzeko tokiak. Hildakoaren gorpu edo errautsen ondoan objetuak (gezi puntak, zintzilikariak,...) agertu dira, ustezko bertze bizitzan lagungarriak izaten ahal zirenak.

Megalito horiek mendi bizkar eta gailur txikietan agertu dira, eta, ziurrenik, inguruko gizakiaren lehenengo aztarnen lekukoak izan ziren: mendi larreak sortzeko, Arantzako basoetan orduan hasi ziren zuhaitzak botatzen. Orduan hasi zen gaurdaino iraun duen lanbidea eta bizimodua: artzantza.

Arantza XIII. mendean Nafarroako Erregearen menpean sortu zen. Erdi Aroan eraiki ziren lehenengo burdinolak, herrigunetik kanpo eta erreka ondoan, eta hain zuzen Arantzako etxe zaharrenetarikoei izena eman diotenak: Aranibar, Ola eta Ibarrola ("ola": burdina egiteko lantegia). Olagizonen lanbidearekin batera biztanleen historian garrantzia handia izan zuen bertze ogibidea hedatu zen: egur ikatza egiteko mendi mutilena.

XVII. mendean Ameriketatik ekarritako artoa zabaldu zen, eta horrekin batera, lurrak ontzeko asmatu ziren kisu biziak. Artoa, talo edo "opil" moduan, izan da berriki arte, gazta eta bertze esnekiekin batera, biztanleen oinarrizko janaria.

XIX. mendearen hasieran ola edo burdinola bat zegoen baina mende horren erdirako desagertua zen. Arantzako mendietan lantzen zen ikatza, inguruko herrietako burdin lantegietara eramaten zen. Garai hartan, gainera, hiru errota zeuden herrian, horietako bat garia xehatzeko eta bertze biak artoa xehatzeko.

Behin XX. mendean sartu ondoren, industriaren barnean zeuden jadanik zenbait zentral elektriko eta zenbait zerrategi. 1913. urtean sortu zen "Electra Aranaz" zentral elektrikoa, eta gutxienez 1800 zaldi produzitzen zituen Errenteriako papertegirako edo bertzela mugako trenerako. Kisu-labeak ere martxan jarraitzen zuten Bidasoa ibaiertzeko eskaera guztia asetuz.

Arantzako populazioa pixkanaka igotzen joan da nahiz gora-behera batzuk eduki 1950. urterarte, orduan 1.200 biztanletara iritsi baitzen. Ordutik biztanle kopuruak behera egin du. Anitz dira herritik kanpo ogibidea bilatu behar izan zuten aranztarrak, gehienak herrian ikasitako lanetan aritzera: Ameriketara, artzain; Pirineo eta Alpeetara, mendi mutil; edo kostaldeko hoteletara, neskame eta zerbitzari.

Gaur egun baserriaren ekonomiak porrot egin du, eta nekazaritzatik soilik bizi direnak gutxi dira. Biztanle gehienak Bera eta Lesakako industrialdeetan aritzen dira. Aldaketa prozesu horretan aranztarrek euren nortasunari eusten diote : horra hor artzantzaren presentzia eta larreen zainketa; edo arboladiaren kultura.

Herriko Armarria

Herriko armarriaArmarri osoa apaingarriz inguratua ageri da eta gainean koroi batekin. Lau laukitan zatitutako armarria da.

Lehendabiziko laukia lau zatitan banatuta dago eta jatorrizko ikurra zen: lehendabiziko eta laugarrenak, zilarrezko fondoa dute eta burdinezko bi aizta makil edo gezi urdin; bigarren eta hirugarrenean, urrezko fondoan, mihi gorriak dituzten bi otso ibiltari ageri dira.

Bigarren laukian, zilarrezko fondoan, zeruko lainoen gainean ihes egiten duen gurutze urdiña ageri da, 724. urte inguruan herriko ortzean azaldu zenaren oroimenez.

Hirugarren laukian, gorrian, Nafarroako Urrezko Kateak, erdian esmeralda berdea duela, Nafarroako erregek Navas de Tolosan Miramolin el Verde-ren kontra irabazitako gudaz geroztik erabili izan dutena.

Laugarren laukian, zilarrean, arte berde bat eta bere alboetan lokarri gorriekin lotutako urrezko bi abarka daude, Antso Abarka-ren armak.

Nabarmendutako aranaztarrak

  • Donato Larretxea aizkolariaDonato Larretxea: Egungo aizkolaririk onenetakoa dugu. Arantzan 1960an jaio zen eta 18 urterekin hasi zen aizkoran plazan. Orduantxe lortu zuen bere lehendabiziko txapela, Euskadiko gazte mailan. Geroztik, hainbat txapelketa irabazi ditu: 3 Euskadikoak eta 9 Nafarroakoak. Gaur egun aizkoran jarraitzen du.
  • Antton Maiz: Pilotaria. Hogei urte eman zituen pilota profesionalean, 1975etik 1995 arte. Retegi II.arekin batera eskuz binakako txapelketan txapela gehien duen pilotaria da Arantzakoa: 1979, 1981, 1983, 1984 eta 1993an. Eskuz banakako txapelduna 1976an, eskuz banakako txapeldunordea 1980ean eta eskuz binakako txapeldunordea 1980, 1982 eta 1990ean. Berarekin jokatu duen pilotari oro ez zen atzean gertatzen zenaz larritu behar segurtasunaren pilotaria baitzen Maiz II.a. Kantxan ederto kokatzen zenez ahalegin fisikoa aurrezten zuen eta partidu gogorretan ondo eusten zion piloteoari. Bi esku onak zituen eta partiduaren zama berak eramaten zuen beti. Horretaz gainera pilotari guztiek miresten zuten, gizatasun handiaren jabea baitzen Arantzako "erraldoia". Nabarmendutako aranaztarrak
                    Nabarmendutako aranaztarrak
  • Juan Miguel Biurrarena: Txistularia eta txistuegile haundia dugu. 1849an jaio zen Eskibo baserrian eta 1935ean zendu. 18 urterekin hasita Juan Miguel Biurrarena ttunttunlaria edo txistularia ezaguna egin zen inguruan. Eskualdeko herrietan eta Goierrin txistua jotzen aritzen omen zen besta eta inauterietan. Baina, Juan Miguel txistuegile gisa ere ospetsua izan zen. Txistuak ezpelaren egurrarekin egin eta Euskal Herri osoan saldu zituen. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakari izan zen.