Arantza Nafarroa iparraldeko herri txiki bat da. Iparraldetik Lesakarekin egiten du muga, ekialdetik Igantzi eta Sunbillarekin, hegoaldetik Ituren eta Zubietarekin eta azkenik mendebaldetik Goizuetarekin.
Arantza Bortzirietako herri bat da. Izenak adierazten duen bezala, bost ("bortz", bertako euskalkian) herrik osatzen dute: Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza.
Arantzara ailegatzeko errepide mehar bat hartu behar da Berrizaun-en, Irun-Iruñea errepidean. Iruñetik 75 km-tara dago, Donostiatik 50 km-tara, Irun-dik 30 km-tara eta Baionatik 60 km-tara.
Herria Arrata (Bidasoa ibaiaren adarra) errekaren gainean eta Ekaitza mendiaren ipar magal aldapatsuan dago. Eskualdeko herririk menditsuena da. Inguruko mendiak hauexek dira: iparraldean Unanua (650 m); Apaola (681 m) eta Mendieder (1074 m) ekialdean; Ekaitza mendia (1034 m) eta Artikutza (1042 m) hegoaldean; eta Araña (1037 m), Bentzuntza (912 m) eta Izu (828 m) mendiak mendebaldean.
Bertako klima atlantiar epela da. Euri ugari egiten du eta maiztasun handiarekin gainera, ez dago idortasunik eskualde hezea baita. Negu leunak izaten dira gehien bat, hotz handirik gabekoak alegia.
Bertako baso eta mendietan oraindik agertzen dira antzinako zuhaitzen arrastoak, horien artean dauzkagu haritzak, beheko lur sailetan nagusitzen direnak; pagoak goi lurretan berriz, eta gaztainondoak erdi aldeko eremuetan. Hauetaz aparte badira hosto erorkorreko bertze zuhaitz batzuk, nabarmentzen direnak, laizarra kasu. Zuhaiztien eremuen hedadurari dagokionez, % 50a gainditzen du eta gainontzekoa belagaiak eta iralekuak dira.
Arantza eta Igantzi arteko mugan, San Juan Xarren ondoan, pago-lizarren (carpinus betulus) basoa dugu. Garai batean Europan oso zabalduta zegoen baso motaren aztarna edo erlikia da. Iberiar penintsula osoan San Juan Xarren bakarrik sortzen da pago-lizarra berez. Hortaz, ingurune hau Natur Erreserba izendatu zuten 1987an, zuhaitz hori babesteko.
Arantzan, gaur egun, 650 biztanle inguru ditugu. Gehienak herrigunean bizi badira, bizilagun asko baserrietan bizi dira, lau auzoetan antolatuta: Eguzkialdea, Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea.
Herriak eskaintzen dituen zerbitzuak honako hauek dira: frontoia estalia, haurren parkea, aparkalekua autobusa eta kotxeentzat, medikuaren kontsulta, farmazia, bi kutxazain automatiko, ludoteka (0-3 urte) eta herri eskola (4-13 urte).